| 
  • If you are citizen of an European Union member nation, you may not use this service unless you are at least 16 years old.

View
 

A

Page history last edited by Joxe Aranzabal 10 years ago

 

| A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | Q | R | S | T | U | V | W | X | Y | Z |

 

a posteriori. (Ik-ent.) Ikerketa mota hau, irrati- ala telebista-kontsumoa burutu eta gero egiten da. Beraz, inkestatutak gogoratzen duena kontuan hartuta erantzuten du. Bi multzotan antolatzen dira galderak: "atzoko kontsumoan" sakondu nahi duena eta "ikus-entzulearen ohiturak" ezagutzeko egiten dena.

 

a bildu. (arroba, a commercial, at) (Internet) @ ikurra da, a baten itxurakoa eta hiru laurdenak zirkulu batean bilduta duena. Erabiltzen da helbide elektronikoetan, erabiltzailearen izena eta domeinuaren artean.

 

acces prime-time. (Ik-entz.) 20:00-21:00 bitartea, alegia, gaur egungo telebistaren emisio-ordu preziatuenaren aurrekoa. Garrantzitsua izaten da prime-timera audientzia garraiatzeko jokalekua izaten delako. Azken denboraldian 13:00-15:00 tarteari ere access izena eman izan zaio, kasu honetan bazkalosteko access-a.

 

abentura zine. (cine de acción) (Ik-entz.) Zinearen genero bat da, eta bertan nagusitzen da irudien ikusgarritasuna, efektu berezien bidez. Abentura film baten elementurik erabilienak izaten dira jazarpenak (oinez zein ibilgailuz), tiroketak, burrukak, eztandak, lapurretak eta erasoak.

 

ActiveX. (Inform.) Izen horrekin izendatzen dira Microsoft enpresaren hainbat programa eta teknologia, zeinen bidez erabil daitezkeen multimedia efektuak web orri batean, hala nola audioa, animazioa edo bideo klipak.

 

adimen mapa. (mapa mental, mind map) (Kom.) Diagrama bat da (alegia, irudikapen grafiko bat), eta erabiltzen da irudikatzeko hitzak, ideiak, egitekoak edo beste kontzeptu batzuk, denak lotuta eta modu erradialean kokatuta ideia nagusi baten inguruan. Adimen mapak erabiltzen dira ideiak sortu, ikusarazi, egituratu eta sailkatzeko, eta elementu lagungarri gisa ikasteko, antolatzeko eta idazteko orduan.

 

Adsense. (Internet) Googlen aplikazio bat da publizitatea egiteko webguneetan, zeinak aukera ematen baitie webguneetako jabeei dirua egiteko. Googlek jartzen ditu testu, irudi edo bideo iragarkiak, eta horiek guztiak agertzen dira kontuan hartuta webgunean azaltzen diren hitz gako eta edukien arabera.

 

ADSL (Asymmetric Digital Subscriber Line Abonatu Linea Digital Asimetriko = Banda Zabala). (Internet) Teknologia bat da, eta erabiltzen ditu telefono linea konbentzionalak lortzeko lastertasun handiko datu transmisio digitala. Asimetrikoa esaten zaio, saretik abonatuarenganako transmisio lastertasuna askoz handiagoa izaten delako abonatuarengandik sarerakoa baino. ADSLri esker, erabiltzaileak lana, bideo jolasak edo bideo konferentziak egin ditzake sarean.

 

advergaming. (Internet) Bideo jokoak erabiltzeari esaten zaio, iragartzeko produktu, erakunde edo ikuspegi bat. "Advergames" hitza Anthony Giallourakis-ek sortu zuen 2000. urtean, eta aplikatzen zaie sareko bideo joko doakoei, enpresa handien enkarguz.

 

Adwords. (Internet) Googlen produktua publizitatea egiteko, eta bere diru iturririk garrantzitsuena. Googlek ordaintzen du erabiltzaileek iragarkietan egindako klik kopuruaren arabera.

 

affiliates. (ik.-ent.) AEBko network, alegia, telebista edo irrati-kate bateko partaide diren kanalak edo emisorak. Kanalek edo irratiek berek propio eraikitako progra-mazio-taulan katean datozen saioak kokatu behar izaten dituzte. Ordainean, katean bildutako kanalek programazio horren inguruan lortzen den publizitatearen parte bat ordaindu beharko diote network-ari. Tokian tokiko desberdintasunen gainetik, Localia Gipuzkoa edo Canal Bizkaia lirateke Localia Televisión delako network­aren kanal afiliatuak.

 

aipu marka. (Tipogr.) Ortografi ikurra, balio dute hitzez hitzeko adierazpenak eta aipuak txertatzeko, edo hitz bereziak markatzeko. Aipu markak bakunak izan daitezke, eta erabiltzen dira adierazpenen barruan beste inoren hitzak markatzeko.

 

aire. (Dis.) Dagoen espazio librea osagai grafikoen artean.

 

alargun. (widow) (Tipogr.) Paragrafo bateko azken lerro oso laburra, laburregia paragrafoaren zabalera kontuan hartuta. Akats bat da, konpondu beharrekoa. Ikus zurtz.

 

alboko kolore. (ik-entz) Alboan dauden koloreak dira. Adibidez horia eta laranja.Harmonia sentipena eragiten dute, ez baitute elkarren arteko kontrasterik.

 

album (ik-entz)">. (álbum, album, album) (Dok.) a) Liburu hutsa, oro har formatu etzanekoa eta azalduna, zenbait materialez betetzeko erabiltzen dena. b) Bilduma izuna, liburu-tankerako batean material grafiko multzo bat (marrazkiak, estanpak, argazkiak etab.) biltzen duena.

 

aldizkako argitalpen. (publicación periódica, publication périodique, periodical publication) (Dok.) Aldizkotasun finkoa duen argitalpen seriatua. Aldizkotasunak gehienez ere urtebetekoa izan behar duela jotze da.

 

aldizkari. (revista, magazine) (Dok.) Egunerokoa ez den aldizkako argitalpena.

 

ale. (ejemplar, exemplaire) (Dok.) Edizio bateko unitate oso bakoitza.

 

alfa geek. (Inform., Internet) Pertsona bat, teknofiloa, gai dena ideia edo aparailu bat bere mugetatik harago eramateko, berau berrasmatzeko, bidea libre utzita enpresarioek asma ditzaten berrikuntza horien bertsio masiboak. Tim O’Reallyk sortu zuen termino hori.

 

alfabeto. (Kom.) Zeinu sistema bat, erabiltzen dena idazteko. Zeinu horiek hurrenkera batean zerrendatuta daude: a, b, c, d…

 

alokairuzko informatika. (Inform.) Negozio era horretan, enpresa pribatuek, administrazio publikoek, unibertsitateek eta beste erakundeek alokatzen dituzte informatika zerbitzuak, banda zabala, aplikazioak eta denbora zenbait hornitzaileri, hala nola, Google, Microsoft, Amazon eta Salesforce. Horrela, enpresa txikiek diru mordoa aurrera dezakete, ez baitute behar azpiegitura handirik beren plataforma egokitzeko, enpresa hazten doan eran. Alokairuzko informatika hodei informatikoaren ezaugarririk adierazgarrienetakoa da.

 

amaraun. (web, web, web) (Internet) Sistema bat da, hipermedian oinarritua, Interneten nabigatu eta horko webguneetako informazioa bilatu, eskuratu eta ikusteko. Aukera ematen du milioika gunetako informazioa kontsultatu eta gune batetik bestera lotura egiteko.

 

Amazon Inc. (Intenet) Sareko liburu dendarik handiena da. Jeff Bezos-ek sortu zuen 1995ean Seattlen, AEBetan, baina gaur egun liburuak ez ezik, beste produktu asko ere saltzen ditu: VHSak, DVDak, musika, CDak, softwarea, bideo jokoak, altzariak, jakiak eta jostailuak, besteak beste. Amazonek aukera ematen dio erosleari bere iritzia idazteko erositako produktuen gainean, direla liburuak, diskoak edo jostailuak.

 

AMIA. (dafo) (Kom. korp.) Analisi mota bat da, eta egiten da lau aldagai kontuan hartuta: aukerak, mehatxuak, indarguneak eta ahulguneak. Erabiltzen da diagnostikoak egiteko, aukera ematen baitu jakiteko enpresa edo erakunde batek zer ezaugarri dituen bere inguruarekin lotuta, aukerak mehatxuekin konpentsatuta, eta indarguneak ahulguneekin.

 

anagrama. (Dis.) Ikus, Ikur.

 

Android. (Internet) Software plataforma eta sistema eragile bat da, Googlek lehenik eta Open Handset Alliance elkarteak gero, propio sortua eskuko aparailu elektronikoentzat, eta oinarrituta dago Linuxen kernelean. Lehen aldiz agertu zen G1 izeneko telefono batean, HTC enpresak egina T-Mobile enpresarentzat.

 

angelu kontrapikatu. (Ik-entz.) Grabazio subjektu edo objektuaren azpian kamera jartzen denean lortzen den angelua. Ikus plano kontrapikatu.

 

angelu pikatu. (Ik-entz.) Grabazio subjektu edo objektuaren gainean kamera jarritakoan lortzen den angelua. Horrela esaten zaio, halaber, joera horretan jasotzen den planoari.

 

angeluazio. (Ik-entz.) Kameraren ardatzak duen makurdura, grabatu nahi den objektuarekiko.

 

anplitude. (Ik-entz.)uhin sinusoidalaren gailurren magnitude, hau da, uhinaren gailurren altuera. Soinuaren intentsitatea edo indarra anplitudearekin loturik dago (eta bolumen moduan jasotzen du gizakiak). Dezibeliotan neurtu ohi da.

 

antzezle. (Ik-entz.)

 

aplikazio. (aplicación, aplication, aplication) (Inform.) Programa edo programa multzoa, edozein erabiltzailek baliatzeko prestatua. Aplikazioak aginduak ematen dizkio ordenagailuari, eta horren bidez, erabiltzaileak hainbat lan egin ditzake. Aplikazioak dira testu prozesadoreak, datu baseak, kalkulu orriak, argazki programak, etab.

 

aplikazio zerbitzuen hornitzaile. (proveedor de servicios de aplicación, fournisseur de services applicatifs, application service provider) (Internet) Enpresa edo erakunde bat da, eta softwarea alokatzen du, zerbitzarietan instalatuta duena. Softwarea erabiltzeko, bezeroa konektatu behar da hornitzailearen zerbitzarietara, Internet bidez edo linea pribatu baten bitartez.

 

Applet. (Inform.) Programa sinpleak dira, eta atxiki daitezke HTML dokumentuetan. Oso bizkor jaits daitezke, eta Java edo ActiveX hizkuntzetan eginak daudenez, edozein nabigatzailetan dabiltza.

 

Apple Talk. (Inform.) Protokolo sorta bat da, Apple enpresak sortua sareak antolatzeko. Berorren bidez lotu izan dira mac ordenagailuak inprimagailu eta eskanerrekin, adibidez, kableak erabilita. 1984an lehen Macintosh ordenagailuan erabili zuten, baina gaur egun ez da hainbeste erabiltzen, TCP/IP sareak hobesten direlako.

 

ARC. (Inform.) Formatu baten izena da, datuak konprimitzeko. Oso erabilia zen Phil Katz-ek ZIP formatua kaleratu aurretik.

 

ARG. (Alternate Reality Game) (Internet) Sareko ordenagailu joko baten aldaera, non arrastoak eta puzzleak eskaintzen baitira erabilita webgune, mezu elektroniko, telefono dei, bideo eta faxak. Zenbait adibide: Majestic eta The Beast. Joko hauek hainbat jokalariren elkarlana eskatzen dute, korapiloak askatzeko.

 

Argazkiak.org. (Internet) Zerbitzu hau erabiltzen da argazkiak kudeatu eta partekatzeko sarean. Euskaraz sortu zuen CodeSyntax enpresak 2008an, Eibarren, Euskal Herrian.

 

argi kolore. (Dis. Ik-entz) Ikus, Sintesi aditiboa. 

 

argi kolore. (ik-entz) Argiaren oinarrizko koloreak dira, gorria, urdina eta berdea. Argi zuria hiru argi horiek nahaztuz lortuko da.

 

argitaldari. (editor, éditeur, publisher)  (Dok.) Persona fisiko nahiz juridikoa, bere lanak nahiz besterenak inprimatzeko agintzen duena eta lanen zabalkundearen erantzule gisa ageri dena.

 

argitaldariaren marka (marca del editor)(Dok.)Argitalpen seriatuetan, izenburuaz gain, honako datu hauek azaltzen diren tokia: jabea eta/edo argitaratzailea den korporazioaren izenak eta helbideak, banatzailearenak, halakorik badagokio, eta bestelako erantzukizunen bat duten pertsonenak, bai eta aldizkakotasuna eta harpidetzaren prezioa ere. Informazio hori bloke baten ageri ohi da, lauki baten barruan, editorearen orrialdeetan, sumarioaren orrialdean edo argitalpenaren beste edozein tokitan. 

 

argitalpen monografiko. (publicación monográfica) (Dok.) Ikus. monografia.

 

argitalpen seriatu. (publicación seriada, publication en série, serial publication) (Dok.) Zenbakizko hurrenkerako edo hurrenkera kronologikoko liburukiak edo aleak dituen argitalpena, izenburu komuna eta zenbaki-kopuru zehazgabea duena.

 

armiarma. (araña, spider) (Internet) Robot informatikoak dira, eta bilatzaileek erabiltzen dituzte orrazteko www sarea Internet bidez, bisitatzeko webguneak eta datu baseak, eta eguneratzeko bilatzaileen datu baseak. Orri berriak indexatzen dituzte, ezagunak eguneratzen eta zaharkituak ezabatzen.

 

Arpanet. (Advanced Research Projects Agency Network) (Internet) Interneten aitzindaria. AEBetako Defentsa Departamenduak garatu zuen 60. hamarraldiaren amaieran eta 70.aren hasieran esperimentu moduan, lotzeko ordenagailuak eremu zabal batean eta sistema desberdinekin, halako eran non toki bateko jendeak erabil zitzakeen beste leku bateko baliabide informatikoak.

 

Arrasate Press. (Kazet.) Euskarazko astekaria izan zen, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak argitaratu zuen Mondragoen 1988ko abenduaren 2an, eta iraun zuen aldizkari beregain moduan 2000. urtea arte, integratu zenean Goienkaria izeneko astekarian, zeina Goiena Komunikazio Zerbitzuak egiten baitu Debagoiena ibarrerako, Gipuzkoan. Bere garaian Arrasate Pressek berrikuntza asko ekarri zituen: egitura profesionala, finantziazio mistoa, publizitatea, doakoa izatea, banaketa pertsonalizatua, autoedizioa..., eta eragin handia izan zuen, ondoren aldizkari asko sortu baitziren Euskal Herrian haren eredura.

 

Arrosa. (Ik-entz) bitakora.arrosasarea.org/ 2002ko maiatzean abian jarri zuten  Arrosa ekoizpen-zentroa Euskal Herriko hogeita hamar irratik. Irratsaioak trukatzeaz gain, emanaldi bateratuak egitea zuen helburua.

 

aurkezle. (Ik-entz.)

 

aurkibide. (índice, index, index) (Dok.) Argitalpen batean ageri diren kontzeptuak edo izenak adierazten dituzten hitzen zerrenda ordenatua, horiek testuan aurkitzeko datuak ere azaltzen dituena. 

 

aurkibide orokor. (índice general, index général, general index) (Dok.) Argitalpen bat osatzen duten atal edo kapituluen azalpena, bertan ageri diren ordena berean eta aurkitzeko datuak adierazita dituela. Taula, sumario etab. ere deitzen zaio. 

 

ASCII. (American Standard Code for Information Interchange) (Inform.) Karakter kode bat da, estandarra mundu osoan, eta ordenagailuek berau darabilte irudikatzeko alfabeto latindarraren letra larriak eta xeheak, zenbakiak, puntuak, etab. Testu prozesadore guztiek irakur dezakete formatu horretan idatzitakoa. Ikus text-only.

 

askaera. (Ik-entz.) Film baten azken unea da, kontakizuna erabakitzen denean.

 

astekari. (semanario) (Dok.) Astean behin ateratzen den aldizkako argitalpena. Informazioa orokorrekoak izaten dira eta gehienetan irudiak izaten dituzte.

 

asteroko. (Dok.) Ikus, astekari.

 

atari. 1. (portada, page de titre,  title page) (Dok.)  Lan baten nahiz lan-zati baten hasierako orria, izenburu osoa eta, gehientsuenetan, egilearen izena eta argitalpenaren datuak azaltzen dituena. 2. (portal, portail, web portal) (Internet) Webgune bat da, eratua Interneterako abiapuntua izateko; beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu, hala nola, bilatzailea, berri laburrak, posta elektronikoa, etab.

 

atari kontrako orrialdea.  (frontispicio/frontis, frontispiece) (Dok.) Atariaurrearen ifrentzua. Ikus, ifrentzu. 

 

atari gehigarri. (portada adicional) (Dok.)  Erregistro bibliografikoa egiteko oinarritzat aukeratu den atariaren aurretik edo ondoren, batzuetan, ageri ohi den ataria.

 

atariaurre. (anteportada, avant-titre, half title) (Dok.) Liburu baten atariaren aurreko orriaren aurkia; bertan, gehienetan, lanaren izenburua azaltzen da, batzuetan laburtuta.

 

atlas (atlas, atlas, atlas)(Dok.) Mapa-bilduma antolatua. Azalpenezko testuak izan ditzake edo ez, eta argitalpen bereizia nahiz beste lan baten osagarri izan daiteke.

 

Atom. (Internet) Protokolo bat, edukietara harpidetu eta berauek partekatzeko. XML protokoloan dago oinarritua, eta zenbaitentzat RSS-ren ondorengo hobetua da.

 

ATRAC (Adaptive Transform Accoustic Coding) (Ik-entz.) MPEG delakoaren antzeko trinkotasun-sistema da.

atrezzo. (Ik-entz.) Tresna, erreminta, altzari eta era guztietako objektuak, erabiltzen direnak apaintzeko telebista edo zineko kokapenak.

 

atzera begirako. (retrospectiva) (Ik-entz.) Erakusketa mota bat da, eta errepasatzen ditu pertsona edo talde baten obrak, ordena kronologikoan, haren ibilbidea zehaztasunez erakusteko.

 

Audacity. (Inform.) Aplikazio bat da, software librearekin egina, eta erabiltzen da ordenagailuan musika eta podcastak sortzeko. Windows, Mac eta Linux sistema eragileetan erabil daiteke.

 

audientzia. (audiencia, audience, audience) (Ik-entz.) Hedabide desber­dinak irakurri, ikus edo entzun dutenek osaturiko jende-multzoa. Irratiaren eta telebistaren kasuan, audientziaren partaide kontsideratuak izateko nahikoa da hargailuak martxan daudeneko tokian egotea.

 

audientzia metatu. (audiencia acumulada, reach, audience cumulée) (Ik-entz.) Denbora batez –nahikoa izaten da minutu bat—zenbat jendek entzun duen irratia edo ikusi duen telebista.

 

audimetria. (Audimetria; People Meter; Audimétrie) (Ik-entz.) Telebistaren zein irratiaren audientzia modu automatizatuan neurtzeko sistema. Etxeetan jarritakoen zein soinean eramaten dituzten tramankuluen bidez, panelkideek zein irrati edo telebista ikus-entzuten duten jakin daiteke. Jasotako informazioa datu-basera igor­tzen da telefonoz egunaren amaieran, eta, biharamunerako, bezeroen esku dago. Audimetriaren historian eredu desberdinak erabili dira, etxebizitzakoa (house-hold/set meter), pertsonala (people meter) eta eramangarria (portable meter).   

 

aurki.  (recto, recto, recto page) (Dok.) Liburu, liburuxka edo koaderno batean, zabalik dagoela irakurlearen eskuinaldean geratzen den orria. Orrialdeak zenbakituta daudenean, orrialde bakoitiak.

 

Aurki.com. (Internet) Aurki Interneteko atari euskalduna da. Eibar.org elkarteak bultzatzen du gune hau, eta bi osagarri ditu: Jarioa eta Euskarazko Bilatzailea. Bilatzaile moduan jaio zen 1999an, Eibar.org elkartearen osagarri gisa. Jarioa, berriz, 2005ean jaio zen, eta une honetan bera da Aurki.com webgunearen ardatz nagusia, ehunka euskal webguneren azken orduko berriak biltzen ditu-eta: blogak, albistegiak, agendak, hedabideak, webgune korporatiboak…

 

aurretikoak. (preliminares, préliminaires) (Dok.) Lan baten testu nagusiaren aurretik azaltzen diren datuen eta testuen multzoa. Deskribapen bibliografikoaren iturriei dagokienez, honako hauek dira aurretikoak: argitalpenaren ataria edo atariak eta, hauekin batera, atari bakoitzaren ifrentzua eta atariaren edo atarien aurreko orriak.

 

aurrez aurreko. (programación enfrentada, head-to-head programming,) (Ik-entz.) Programatzeko teknika bat telebistako konpetentziak duen saioaren tankera eta xede-talde bera duena hartuta. Indar-neurketa gogorra izaten da, eta denboran luzatu daiteke. Bietatik irabazle bakarra izaten du amaieran.

 

autoedizio. (desktop publishing) (Tipogr.) Ordenagailuak erabiltzea argitalpenak sortzeko (aldizkariak, berripaperak, esku orriak...). Edozeinek erabil dezake autoedizioa, ez soilik hedabide handiek.

 

autopromozio. (promo, autopromoción, bandes-annonces) (Ik-entz.) Mezu bat publizitatea egiten duena telebista kanalaren zein irrati-estazioaren gainean.

 

avatar. (Internet) Erabiltzaile baten errepresentazio digitala mundu birtual batean. Sareko partidetan, adibidez, jokalariak hasten dira beren giza irudia edo avatarra sortzen, gainerako jokalariek horrela ikusiko dituzte-eta.

 

AVI. (Audio Video Interleave) (Inform.) Bideo formatu bat da, Windowserako.

 

azalpen. (enunciación) (Ik-entz.) Diskurtso bat sortzea.

 

azpimarra. (underline) (Tipogr.) Lerro bat da, eta egiten da idatzitako zerbaiten azpian, hura nabarmentzeko. Ordenagailuetan, oso itsusi geratzen da azpimarra, testuari itsatsita geratzen delako. Horren ordez, gomendatzen da beste baliabide batzuk erabiltzea: letra italikoa, letra lodia edo beste letratipo bat.

 

azpiletratxo. (Tipogr.) Letra txiki bat da, eta jartzen da arrunt idatzitako letraren, zenbakiaren edo hitzaren beheko saihetsean.

 

azpidatzi. (subtítulo, caption) (Ik-entz.) Azpidatzi bat da testu bat, irudi edo pantaila baten behe aldean kokatua, eta itzultzen duena bertan gertatzen ari den kontakizuna edo elkarrizketa. Azpidatziak asko erabiltzen dira zineman eta telebistan.

 

 

Comments (0)

You don't have permission to comment on this page.